ELIZA

Andre Dena Maria elizak erdi aroko aztarnak atxiki dituen arren, bere gaurko neurriak XVI. eta XVII. mendeetakoak dira. Sarrera mendebaldean du, eta ezkila dorreak atari bat babesten du. Atariaren gaineko hiru geletako batean herriko bilkurak edo Erregimen Zaharraren garaiko Biltzarrak egin ohi ziren. Ordulariaren mekanismoak eta ezkilenak beste bi geletan aurkitzen ziren. Iparrean, kanpoan zeharkako eskailera bat, lehen solairura eta galerietara eramaten duena, eta ate ttiki berezi bat, « agoteena » zeritzona (Frantzia hegoaldeko eta Espainia iparraldeko populazio baztertua ; historialariek ez dakite xuxen zergatik : legena ? ijitu egoiliarrak ? kataro errefuxiatuak ?). Ipar mendebaldeko kantoinean 1805eko harrizko gurutze bat ikus daiteke. Lore baratze batek eraikinaren itzulia egin eta hilerrira darama eta haratago Jacques Chaban-Delmas (1915-2000) ehortzia izan den paisaia hilerri batera. Gizon hau luzaz bizi izan da Azkainen. Bi hil harrik herriaren bi seme ekartzen dizkigute gogora, Pierre Larazbal eta Roger Idiart (apez eta euskarazko idazleak).

Eliza barnean, alboetan haritzez eginiko hiru estaia galeriekin. Lehenaren gibelean den balkoian zinpekoak egoten ziren (hortik heldu zaio bere izena : astoteia) eta ipar aldean 1731n eginiko intxaur egurrezko predikaulki bat bazen. Aulki horren apaingarri ikus ditzakegu girlandak eta lumaz orrazturiko Indianoak. Kantorea, sakristiaren gainean kokatua da eta urre koloredun zurezko erretablo batek babesten du. Hiru erregistroko erretabloa biziki apainduak diren bi aldarez inguratua da. Kantore eta aitzin kantorearen zapaia margotuak kutxa oktogonal eta erronboen arteko osaketa bat erakusten du. Nabearen erdian, XIX. mendeko ex-voto batek eta hiru mastako itsas ontzi batek iraganean herriaren ontziola jardunaren eta arrantzale komunitatearen lekuko ditugu. Organoa 1987koa da. XVII. eta XVIII. mendeko zurezko hainbat estatua tindatu 1972ko Monumentu Historikoen Inbentario gehigarrian sartuak dira.

 

 

HERRI BARNEA

Euskal Herriko herri gehienak bezala, herri erdi zabalera txikikoa da. XIX. mendera arte eliza eta pilota plazaren inguruko karrika batzuez osatua zen. Purguak lapurdiko arkitekturaren lagin eder batzuk atxiki ditu : bi aldeko teilatua, zurbeso tindatuak, ateburu zizelduak. Baditu ere harrizko etxe batzuk : Indianoa (gaur egun Herriko Etxea dena), Jauregia (gaurko elkarteen etxea dena). Auzoetako baserriek estilo bera dute, edo estilo nafartarra : gehienetan gela komun gabeak ziren, familia osoak bizi baitziren, baita kabalak ere. Aitzinaldea ekialdera begira dute eta pareta nagusi itsu bat mendebaldetik datorren haizeaz babesteko. XX. mende hastapenean, estilo neo-euskalduna agertu zen Azkainen, bereziki turistak hartzeko : « Etchola » hotela, « Basque » hotela, eta abar.

 

PILOTA PLAZAK ETA TRINKETEAK

Pilota joko desberdinak praktikatzeko hainbat pilota plaza eta trinkete ditugu. Pilotak bizirik dirau txapeldun handiak eman dituen gure herrian. Azkaine eta Senpere lehia bizian dira xistera nork asmatu duen norgehiagokan. Pilotak artisau moduan egiten dituen azken enpresa lehengo xistera egilearen herrian dugu. Pilota plazaren frontoia 1863an eraikia izan zen eta 1932an berritua, Chourio frontoia eraiki zen urte berean. Laduche trinketea 1959koa da eta Kiroleta kiroldegia, ezker pareta eta frontoia dituena, 198 ?(e)koa.

 

LATSAGIAK

Arraberrituak izan diren latsagiek Azkaine herriaren nortasun fisiko eta kulturalaren adierazgarriak dira. Ura entzuten da baina garai haietan garbiketa lanetan ari ziren emazteen ahotsa isildu dira. Latsagi batzuk beste batzuk baino osatuagoak ziren. Batzuek, urtegi ttiki baten gainean, teilaturik ere ez zuten. Batzuetan, bizakrrez bizkar jartzeko jarleku bikoitzak baziren Ibarburu eta Arraiko errotan bezala. Baina baziren ere iturria, aska eta latsagia biltzen zituzten eraikuntza osatuagoak, Putxuan bezala. Hiru osagai hauen hurrenkera higiene arrazoientzat egina zen. 19 ?? eta 19 ?? artean, Azkaineko garbitzaileak « Blanchisseries de la Nivelle » enpresako langile bilakatu ziren. Enpresa horren tximinia ikus daiteke Kiroletaren parean.

 

ERROTAK

Azkaine zeharkatzen duten erreken sareak, maiz ur indartsuak ematen ditu eta horri esker eraiki ziren hainbeste errota gure herrian : bihi eta tabako txikitzeko edo galdategiko mailua mugiarazteko, balio zuten. Orain ordea etxebizitza bezala erabiltzen dira.

 

ZUBI ERROMATARRA

V.garren mendekoa daitekeen zubi hau Serres eta Monégur-etik Konpostelarako bidean ziren beilariek erabiltzen zuten Urdazuri erreka zeharkatzeko Berara joateko. Neurri desberdinetako hiru arku ditu eta Monumentu historikoen zerrendan izendatua izan zen 1925ean. Erdikoa zutoinean itsas beheran soilik ikus daitekeen harri zizeldu batek uraren maila neurtzeko balio zuen. Zubia 1983 eta 1994ko uholdeen ondotik berreraikia izan zen, larriki kaltetua izan baitzen.

 

Eroaren etxea

Arkitektura bitxia du, Mexikoko « pueblo » deritzon estiloko etxe horrek. 2000.urtean Monumentu historiko izendatua izan zen Estatu Batuetako Ferdinand Earle zinema dekoratu egileak lekuko bi harginekin 1930ean eraiki zuen etxe hau. Bertan ikuskizun eta arteetako jende ospetsuak errezibitu zituen : Le Corbusier, Charlie Chaplin, Joséphine Baker, eta abar.

 

historia haurreko ondarrak

Aira Harriko 9 harrespilak (1956an Monumentu historiko izendatuak), Athekalegun eta Gaztainbakarreko monolitoak, Altsaneko trikuharriak hor ditugu aspaldian egin ohi ziren ehorzketa erritoen lekuko.

 

ERAIKUNTZA MILITARRAK

Bizkarzun (185m) eta Esnaurreko (273m) gotorlekuek San Inazioko leporako bidea zaintzen zuten. Hauek dira, besteak beste, Larrunen Soult mariskalak eraiki zituen gotorlekuetako batzuk. 1992an Monumentu historiko izendatuak izan ziren.