Larrun, Bizkarzun eta Esnaurko oinetan kokatua da Azkaine. Larrun (903 m), mendebaldeko pirinioetako azken mendia da, kosta atlantikotik sei kilometrotara. Azkaineren toponimia «haitz gain»-etik etortzen omen da, erran nahi baita «muino arrokatsua» edo «muinoaren gainaldea».

Urdazuri edo Ur ertsiko ibarrean garatu da herria. Ibai hori, Nafarroa Garaian sortzen eta Donibane Lohizuneko badian isurtzen da. Haren ibaiadar batzuk Azkaine zeharkatzen dute: Ibardin, Arraio, Etxeberri eta Galardiko errekak. Mareek eragina dute erromatar zubiraino eta horrek du markatzen ibai eta itsas ingurumenaren arteko muga.

Herriaren azalera 1.927 hektareakoa da. 4.156 biztanle dira Azkainen eta hauek azkaindarrak deituak dira. Zazpi auzok osatzen dute Azkaine: Aldagarai, Aranea, Mendixka, Mortzelai, Plaza, Portua eta Serres.

Plaza auzoa, herri barnea da. Elizaren, herriko etxearen eta pilota plazaren inguruak biltzen ditu.

Portua auzoa, herriko bihotz ekonomikoa izan da zenbait mendez: 1846. urtea arte eta RD918 errepidea eraiki arte, kostara joaten zen lehengo bidea Urdazuri ibaiaren ezker bazterretik pasatzen zen: gaur egun oraindik zirga bidea deitzen dena. Izan ere, ibaiak salgaiak garraiatzeko baliatzen zen (egurra, burdin mea, laborantzako edo manufakturatutako produktuak, Larrungo harria, etab.). Ibilbide berean, Donibane Lohizune, Azkaine eta Sara, San Inazioko lepotik lotzen zituen tren bat ibiltzen zen (gaur egun deitzen dugun Burdin bidea karrikatik). Bere joritasunaren ahultze progresiboa izanagatik ere, 1920. urtea arte ibili da portua.

Urdazuriko eskuin bazterrean, Serres (etimologia latina duena: «serra», arrokatsua ez den muinoa, muino luzatua) berezko herria izan da 1845. urtea arte, Azkaine eta Donibane Lohizune herrien arteko banatzea arte. Erdi Aroan, Compostellako bideko geldileku bat zen seguraski ospitale ttiki bat zuen Jondoni Jakobe kapera.